BARKATU ZALATZEA, BAINA EZ DUGU GOBERNURIK


BARKATU ZALATZEA, BAINA EZ DUGU GOBERNURIK
Alots Gezuraga


Espainiar edo frantziar Estatu totalitarioetan (inperialismoa totalitaritarismoaren semea baita), gobernu bakarra egon daiteke: inbaditzailearena, nahiz eta batzuetan kolonizatuen artean eta bere intereserako bitartekoak aukeratu, kolonizazioa bukatu artean, hau da, militarki okupatutako Estatuko Herriaren desagerpena.

Ez da berria, Nicolás Maquiavelok XVI. mendean horrela adierazi zuen: “Estatuak konkistatzean, esan bezala, askatasunean bizi izaten ohituak daudenez euron legeekin, hiru modu daude kontserbatzeko: lehena birrintzea, bigarrena bertara pertsonalki bizitzera joatea eta hirugarrena euron legeekin bizitzen jarraitzen uztea baina zergak kobratuz eta bertan gobernu oligarkikoak sortuz, zuri leialak. Gobernu horiek badakitelako printzeak sortuak izan direla eta ezin izango direla bere adiskidetasun eta botere barik mantenu”.

Gure kasuan hirurak egiten saiatu dira: Lehena zatiketa, gero Sartaldeko Nabarra honetan euren menpeko gobernuak sortzera (Bizkaia, Gipuzkoa, Arabako Juntak, berriki “Gobierno vasco”), baina baita kolonoen bidez eurek lurraldea okupatzea edo bertakoen indarra ahultzea behintzat, karlistaden ostean edo 70. hamarkadan. Nafarroa Garaian birrintzera jo zuten. Orain, herria ahulduta, zuzenean agintzen dute, bitarteko barik.

Iparraldean, bitartekariak edo Junten parekoak erabili zuten Erreboluzio frantsesean garbiketa egin arte. Hala ere, Munduko Gerrateen arte ez zuten lortu “frantses” sentimendurik zabaltzea euskaldunen artean. Orokorrean gure herria ahultzera joan dira, XVII. mendetik Iparraldea atzeraka doa, Baiona esaterako, inportanteagoa zen mila bider orduan gaur baino.

Gizakiaren historia bezain zaharra da. Militarki okupatua dagoen Estatu batean, Gobernu ofizial bat bakarrik egon ahal da, inperialismoak inposatzen duena. Gobernatzaile hauek inperialisten adostasunarekin bakarrik gobernatu dezakete: inperialisten epaile, lege eta ejertzitoetan oinarritzen da euren boterea, horregatik inperialismoari atxikimendua osoa da.

Inbaditutako Estatu baten Gobernua erbesteratzen da, klandestinitatean dabil edo desagertzen da, azken hau da nafarron kasua 1620tik eta askatasuna lortzeko zailena.

Inperialistek onartutako “Euskal edo Nafar Gobernu” bat ez da benetakoa, izen soila eta hutsa bakarrik, ez du gure Herria ordezkatzen, inperialisten interesei bakarrik erantzuten baitu gure artean traidoreak hautatuz, eta inperialisten interesei erantzuten dute bakarrik, gure herriaren indarraren beldur diren heinean “bitarteko” gobernu hori mantenduz.

Horrela, hauteskundeak gure indarra neurtzeko balio diete inperialistei, ahulduz gero, eurak zuzenean agintzeko bitartekarien lana bukatzeko. Inperialisten interesei erantzuten duten hauek kolaraboratzaile hutsak dira, gure herriaren borrero, ez jakintasuna ez da argudio baliagarria politikan (egongo balitz).