HERRIA HIL DA, GORA ALDERDI POLITIKOAK!

HERRIA HIL DA, GORA ALDERDI POLITIKOAK!
Alots Gezuraga

Gaur egun tristea da Euskal Herriarentzat, eta bide batez, nafar Estatuarentzat. Euskal lurretan gaua bezain zaharrak diren euskal Foruak, gure Nafarroako Estatuan goiena jo eta garatu genituenak, gaur berriro zapalduak izan dira.

Gipuzkoako Goierriko “Zeraingo Herri Kandidatura” bertan behera erori da. Antzinako modura gobernatzen zen herria zen Zerain, azkenetarikoa. Gizakiak sortu duen modelo demokratikoena, Rousseauk berak mirestua eta goretsia. Espainia eta Frantziak sekulan izango ez duten modelo demokratiko baten adierazgarri, eta bertan zapalduak jarraitzen dugun bitartean, inoiz berriro lortuko ez duguna.

Bizkaian, Lea-Artibaiko Amoroto herria bakarrik gelditzen zaigu adibide bezala: bertan herritar guztiak dira hautagai, bakoitzak hiru pertsona bozkatzen ditu eta aukeratuenak dira alkate eta zinegotzi, herriko lau auzoak ordezkatuak egon behar direlarik. Euskaldunen sena: komunala edo kolektiboa pertsonen eta alderdikerien gain, benetako sozialismo pirenaikoa.

«Ez dakigu aurrerantzean nola funtzionatuko duen udaletxeak, baina herri bilerak egiten jarraitzen badute parte hartuko dugu gure ekarpenak egiteko». Herria hil da, nork sartu dizu ezpata?

Nork urratu dizkigu oraingoan euskaldunen instituzio propioak? Inperialisten (in)justiziak?, bere ejertzitoak? XIX. mendean bezala gure arbasoak armaz hil zituztenean? Ez, bertoko jendea izan da oraingoan, sasi-demokrazia espainola hemen garatzen laguntzen dutenak: alderdi politikoak, espainolek indarrean Guda Foralak galdu genituenean inposatu zituztenak.

Euren burua “euskal sozialistatzat” duten horiek, espainol totalitario gisa bizi dira eta besteok bizi arazten gaituzte. Gora benetako Euskal Demokrazia eta sozialismoa, gora Foruak edo euskaldunen legeak!

Nafarzaleak.blogspot.com