ZIPAYOEN BURU BERRIA

ZIPAYOEN BURU BERRIA
Alots Gezuraga

Gaurtik aurrera Goi Nafarroan polizia “foralaren” buru EH BILDU alderdiak ipinitako politiko “abertzale” bat dugu. Orain arte, talde politiko honentzat, espainol legea “injustua” zen eta “Herri harresiak” deitu duten horietan esate baterako, polizia bidaltzeak (Ertzaintza), “zipayoen” edo traidore buru bihurtzen zuen Nafarroako Mendebaldean agintzen duen beste espainol alderdi politiko “abertzalea”.

Orduan, orain, eurak ere zipayoak direla onartu behar dute, hurrengoko espainol epaile batek sententzia bete araztea agintzen duenean polizia “foralari”. Edo berdina eginda ezberdinak ote dira?

Galdera da, zerk edo nork ematen die estaldura, eta are gehiago baimena, espainol epaileei guri euren legeak inposatzeko edo eta gure Herria jipoitzeko mundu guztiaren aurrean? Hauteskundeek, bertara aurkezten diren alderdi politikoak eta bertan bozkatzen dutenek.

Alderdi politiko horiek, benetan abertzaleak balira: orduan gure askatasunaz arduratuko ziran, ez Espainia edo Frantzia kudeatzeaz eta euren legeak guri inposatzeaz.

Gure artean askok, inperialisten lagun eta txakurren ugazabak izan nahi dute, polizi ezberdinak kontrolatzen duten menpeko gobernu kideak. Guztiei, gure Herriari txakurrek kosk egiteak berdin zaie…soldata ona baldin bada behintzat!

Abuztuaren 15a hurbiltzen doa, Orreagako guda bien gomuta, gure “Askatasun Eguna”. Nabarrako Gure Estatua sortuz, Eneko Aritzaren inguruan batu ziren euskaldun haiek argi zeukaten: hau gure lurraldea da, ez dago ezer negoziatzerik, ezta ejertzito edo polizia onartzerik, geure legeak betetzeko ez badira.