ESTATU ASKEA, HERRITAR ASKEENTZAT
Aitzol Altuna Enzunza
Nafarron helburua gure Estatua berrezarri eta martxan jartzea da. Estatua soberanoa da, beraz bere lurraldean beste Estatu baten presentzia ezin lezake onartu.
Estatua ez da hitz hutsa. Askotan definitzen ez dakigun errealitatea da, egunero bizitzan agertzen dena: pasaporteak ematen baititu, hauteskundeak antolatzen baititu, funtzionario eta epaile armada bat baitu, lurraldea defendatzen baitu, bandera bat baitu, kirol selekzioak nazioartean parte hartzeko…. “Estatua” ez da errez manipulatu edota gutxitu daitekeen termino bat: “indar ideia” bat da, bateratzailea eta oso argia.
Nafar Herriak, subjektu politiko bihurtuz gero berreskuratu dezake soilik bere Estatua. Nazio buruek indarrak batu eta pausoak markatu beharko lituzkete, baina indar askatzailea Herriak dute. Beraz, Herri honetan sinesten ez duena ez dadila etorri.
Herri honetako indar guztien helburu bakarra: gure Estatuaren aktibazioa izan behar da askatasuna lortzeko. Estatua ez da askatasuna, Estatua eduki zenezake eta libre ez izan, gaur egun espainolak eta frantsesak ez diren bezala, baina askatasunean bizitzeko Estatua da dagoen tresna bakarra eta beharrezkoa: “Estatu askea, Herritar askeentzat”.