ASKATASUN EGUNA OSPATZEN
DUGU
Aitzol Altuna Enzunza
Abuztuaren 15ean Pasai
Donibanen “Askatasun Eguna” ospatuko dugu. Han batuko garenok argi dugu nafar
guztion helburua gure Estatua berrezarri eta martxan jartzea dela. Estatua
soberanoa da, beraz bere
lurraldean ezin lezake onartu beste Estatu baten presentzia. Ezin du beste
Estatu baten ejertzitorik onartu, ezta inolako funtzionariorik, administraziorik,
alderdi politikorik ezta bozketarik ere.w
Gure Herriak subjektu politiko bihurtuz gero berreskuratu dezake soilik
bere Estatua. Nazio buruek indarrak batu eta pausoak markatu beharko lituzkete,
estrategia deritzona, baina indarra Herriek dute. Beraz, Herri honetan sinesten
ez duenak ez dadila etorri.
Herri honetako indar guztien helburu bakarra gure Estatuaren aktibazioa
izan behar du askatasuna lortzeko lehen pausua bezala. Horretarako behar
ditugun egitura politikoak sortu behar ditugu, behin-behinekoak definitibo
bihurtu arte Nabarrako gure Estatua askatzean.
Baina Estatua edukitzeak ez dakar berez askatasuna. Estatua eduki zenezake
eta Herri libre bat ez izan, gaur egun espainolak eta frantsesak ez diren
bezala. “Estatu askea, Herritar askeentzat” zen gure aurreko nafarren goiburua,
gaur ere bizirik dirauena. Estatua da lehen urratsa Herri libre bat izateko,
bigarren pausua da Herri horrek Estatua kontrolatzea eta ez gutxiengo batek.
Horregatik totalitarismo
modernoak, munduaren begiradapean aurrera egin ahal izateko, demokrazia itxura
hartu du. Demokrazia baten elementuak ditu: alderdi politikoak, parlamentuak, bozkatzeak,
erregioentzako autonomia ekonomiko maila bat beharrezkoa badu, prentsa askatasuna,
elkartzeko askatasuna eta abar. Espainia eta Frantzia demokrazia itxurako
Estatuak dira, baina pentsatuta daude menderatutako Herriek ezin dezaten
askatasunez erabaki zer izan nahi duten. Herri bat derrigortua dagoenean Estatu
baten egoten, ez dago demokraziarik; problema nazional bat duen Estatua ez da
Estatu demokratiko bat.
Gogoan izan dezagun Nazioarteko
Zuzenbidearen babesa dugula, Haya-ko Justizia Auzitegiaren 2010eko uztaileko
22ko ebazpenak erakusten duen bezala. Nazio Batuetako organo judizial
garrantzitsuenak esandakoa laburtuko dut: “Nazioarteko Zuzenbidean ez dago
araurik, Independentzia Deklaraziorik debekatzen duenik”. Horrela ez balitz,
Estatu guztiak bertan behera geldituko ziren, denek eduki baitute hastapen bat.
1936. urtean munduan 74 Estatu zeuden, gaur egun 200 bat daude. Europa osoan 5
Estatuk bakarrik dute 200 urte baino gehiago, eta euren mugak asko aldatu dira
epe horretan.
Nafarzaleok aldarrikatzen dugu, nazio honek beharrezkoa duela oinarri
sozial zabal bat duen behin-behineko gobernu bat, 778eko abuztuaren 15ean eta
824 urtean baskoiak sortu genuen modukoa. Gure Estatuaren sortzea ospatuko dugu
Pasai Donibaneko portuan biltzen garenok, gure arbasoei inperialismoaren
aurrean eginiko defentsari zor baitiegu gaur hemen gu zutik egoteak, naiz eta
gure Estatua inperialismoak zapaldua jarraitzen eduki.