ASKATASUN EGUNA OSPATZEN DUGU

ASKATASUN EGUNA OSPATZEN DUGU

Aitzol Altuna Enzunza



Abuztuaren 15ean Pasai Donibanen “Askatasun Eguna” ospatuko dugu. Han batuko garenok argi dugu nafar guztion helburua gure Estatua berrezarri eta martxan jartzea dela. Estatua soberanoa da, beraz bere lurraldean ezin lezake onartu beste Estatu baten presentzia. Ezin du beste Estatu baten ejertzitorik onartu, ezta inolako funtzionariorik, administraziorik, alderdi politikorik ezta bozketarik ere.w

Gure Herriak subjektu politiko bihurtuz gero berreskuratu dezake soilik bere Estatua. Nazio buruek indarrak batu eta pausoak markatu beharko lituzkete, estrategia deritzona, baina indarra Herriek dute. Beraz, Herri honetan sinesten ez duenak ez dadila etorri.

Herri honetako indar guztien helburu bakarra gure Estatuaren aktibazioa izan behar du askatasuna lortzeko lehen pausua bezala. Horretarako behar ditugun egitura politikoak sortu behar ditugu, behin-behinekoak definitibo bihurtu arte Nabarrako gure Estatua askatzean.

Baina Estatua edukitzeak ez dakar berez askatasuna. Estatua eduki zenezake eta Herri libre bat ez izan, gaur egun espainolak eta frantsesak ez diren bezala. “Estatu askea, Herritar askeentzat” zen gure aurreko nafarren goiburua, gaur ere bizirik dirauena. Estatua da lehen urratsa Herri libre bat izateko, bigarren pausua da Herri horrek Estatua kontrolatzea eta ez gutxiengo batek.

Horregatik totalitarismo modernoak, munduaren begiradapean aurrera egin ahal izateko, demokrazia itxura hartu du. Demokrazia baten elementuak ditu: alderdi politikoak, parlamentuak, bozkatzeak, erregioentzako autonomia ekonomiko maila bat beharrezkoa badu, prentsa askatasuna, elkartzeko askatasuna eta abar. Espainia eta Frantzia demokrazia itxurako Estatuak dira, baina pentsatuta daude menderatutako Herriek ezin dezaten askatasunez erabaki zer izan nahi duten. Herri bat derrigortua dagoenean Estatu baten egoten, ez dago demokraziarik; problema nazional bat duen Estatua ez da Estatu demokratiko bat.

Gogoan izan dezagun Nazioarteko Zuzenbidearen babesa dugula, Haya-ko Justizia Auzitegiaren 2010eko uztaileko 22ko ebazpenak erakusten duen bezala. Nazio Batuetako organo judizial garrantzitsuenak esandakoa laburtuko dut: “Nazioarteko Zuzenbidean ez dago araurik, Independentzia Deklaraziorik debekatzen duenik”. Horrela ez balitz, Estatu guztiak bertan behera geldituko ziren, denek eduki baitute hastapen bat. 1936. urtean munduan 74 Estatu zeuden, gaur egun 200 bat daude. Europa osoan 5 Estatuk bakarrik dute 200 urte baino gehiago, eta euren mugak asko aldatu dira epe horretan.


Nafarzaleok aldarrikatzen dugu, nazio honek beharrezkoa duela oinarri sozial zabal bat duen behin-behineko gobernu bat, 778eko abuztuaren 15ean eta 824 urtean baskoiak sortu genuen modukoa. Gure Estatuaren sortzea ospatuko dugu Pasai Donibaneko portuan biltzen garenok, gure arbasoei inperialismoaren aurrean eginiko defentsari zor baitiegu gaur hemen gu zutik egoteak, naiz eta gure Estatua inperialismoak zapaldua jarraitzen eduki.