BASKONIA GLOBALIZAZIOAN JARDUNALDIA

 

BASKONIA GLOBALIZAZIOAN JARDUNALDIA

Aitzol Altuna Enzunza

 



Oñatiko udalak eta Nabarralde Fundazioak Santa Ana Antzokian ekainaren 13 eta 14an egindako jardunaldia arrakastatsua izan zen. Bere helburua, Baskoniak globalizazioaren aurrean duen erronkari eusteko behar duen Atlasa edo abia puntuaren “hausnarketa kritikoa” egitea zen, arlo ezberdinetan adituak diren hizlarien ponentzien bidez: soziologian, historian, hizkuntzalaritzan, sindikalismoan eta ekonomian, besteak beste.

Ostiral arratsaldean jardunaldiari hasiera emateko, Santiago Alba idazle eta filosofoak, ikuspegi orokor bat eman zigun “Baskonia en la Globalización, Atlas societario” titulupean. Bertan, besteak beste, Internetek sorten ari duen identitate berriaz aritu zen, gizarte eta nazio bati erreferentziarik ez duenak, “munduaren berdintzea” suposatzen duena Oliver Royren hitzetan, gizarte neoliberal eta globalizatu honek demokrazien atzerakada nabarmena dakarrelarik.

Jardueraren zati mamitsuena larunbatekoa izan zen. NUP-UPNAn ekonomia irakaslea den Juan Carlos Longasek grafikoen bitartez “Baskonia, sistema de ciudades” ponentzian eta gero Eguzki Urteaga EHUko soziologoak “Mugaz-Gaindiko bizi-eremuak Euskal Herrian”, gure hiriez aritu ziren: Baiona-Angelu-Biarritz (BAB), Donostia Aldea, Bilbo Aldea, Gasteiz eta Iruñerriak dira gure hirigune garrantzitsuenak, erriberako Tuterarekin batera, horiek hartu behar ditugu oinarri ekonomiko-politiko bezala aditu hauen ustez. Euskal Hirien sareak gainditu behar dituen oztopo administratibo, fiskal eta linguistikoak planteatzen ditu Baskonia Estatu bitan bananduta egoteak, gainera, hiru azpi administrazioetan gutxienez. Europar Batasuneko pertsonen eta kapitalen zirkulazio libreak, askotan, Estatuen “lan eremuak” deritzena ezin gainditurik dabiltza; horrela, euskaldun gutxik egiten du lan inposatu zaion Estatuaren mugetik kanpo. Era berean, Iparraldeko ikasleak Hegoaldeko unibertsitateetara joateko era guztietako trabak gainditu behar izaten dituzte, adibidez, ateratzen duten tituluen homologazioa. Bidasoako ibaiertza edo Txingudiko badia da salbuespena: Irun-Hendaia-Hondarribia bizi eta lan-eremu propioa sortzen dute, Pirinioetako Hitzarmenean (1659) inposatu ziguten muga politikoa gaindituz.

Baina, badaude muga gainditzen duten ekintza eta erakunde instituzionalak ere. Euskadi-Nafarroako Erkidegoa eta Akitania berria bezalako Euroeskualdeak ekonomia garatzeko beharrezkoak dira Eguzki Urteagak azaldu zigun bezala, nahiz eta, Parisetik aldebakarreko erabakia hartu zuten eta Poitiers ingurua Akitanian sartu berri dute, Baskoniarekin zer ikusirik ez duen lurraldea hain zuzen. Gutxi badira ere, badaude muga haratago doazen beste erakunde batzuk, horrela, elkarrekin kooperazioan dabiltzan Gipuzkoako, Nafarroa Garaiko eta Baionako Industria eta Merkataritza Ganbarak ditugu adibide gisa.

Hurrengo hizlaria, azken urteotan gure herriaren historia agerrarazteko lan berritzaileak egiten ari den Xabier Irujo izan zen, Reno Unibertsitateko (EE.BB.) historialaria eta genozidioan espezializatua dena. Denok identifikatuta sentitu ginen Irujok Ipar Amerikako natiboen kontra egindako genozidio kulturala irudietan jarri zigunean. Estatu Batuetako indiar umeek eskoletan ingelesa ikastera, Amerikako historia jakitera, europar erara janztera edo eurentzat arrotza ziren kultura eta erlijio kristaua aitortzera behartuak izan ziren; Espainia-Frantziak azken 200 urteetan gure arbasoei, gurasoei, zein guri eta gure seme-alabei egiten ari digutenaren antzera.


Atsedenaldiaren aurretik, Karmelo Landa EHUko irakasle eta HBko mahaikide ohiak ere, euskaldunen genozidio kulturalaz mintzatu zen. Gaur egun euskal naziogintzak aurrera pausu berri bat eman behar duela adierazi zuen, “polisistema” propio bat garatuz. Adibidez, euskaraz ez dauden irrati, egunkari, kazeta eta telebistak diru publikoaz finantzatzen utziz. Landaren ustez, badaude “naziogintza positiborako indarrak” nazio mailan elkarlanean aritzeko. Besteak beste: Naziogintza, Orreaga Taldea, Gure Esku Dago, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Euskal Herrian Euskaraz, Eusko Ikaskuntza edo eta Nabarralde bera ere.

Joseba Sarrionaindia, soziologo eta idazle arrakastatsuak ere, programaren bigarren zatia hari berdinari tiratuz jarraitu zuen. Espainiako Erregimen totalitario ezberdinen erruz, Kuban urteetan atzerriratua egonda gero, gure herria “poskolonizatua” aurkitu du, “t” barik berak adierazi bezala. Sarrionaindiak asmatu duen kontzeptu honek, ez du kolonizazioa gurean amaitu dela esan nahi, aitzitik, kolonizazioa pairatu eta barneratuan duen herri bat aurkitu duela baizik. Adibidez Iurreta bere jaioterrian, non bere semea bezalako euskaldunek ez dakigu euskara hitz egiten duten gaztelaniako hitzak sartuz, edo gaztelaniaz ari diren euskarazko hitzak ere erabiliz. Josebarentzat, kolonizazio mentala da gainditzeko zailena duda barik.

Solasaldi berotan bazkaldu eta gero, arratsaldeko lehenengo ponentzia biak ELA euskal sindikatu nagusiaren eskutik etorri ziren. Ane Alberdi nahiko baikor ageri zitzaigun “Euskal Herriaren beste bereizgarri bat: sindikalismo eraldatzailea” bere ponentziaren tituluan ageria den moduan. Bere ustez, euskal langileon eskubideak kalean defendatzen ditu ELAk eta horrela hainbat sektoreetan langileen hainbat eskari aurrera ateratzeak lortu izan du, batez ere, sindikatu honek autonomia ekonomikoa duelako euren bazkideen kuotetatik bizi delako eta erresistentzia kutxa ere; baldintza bi hauei eta zerbitzu juridiko sendo bati esker, ELAk bere burua aske sentitzen du une oro behar dituen langileen aldeko erabakiak hartzeko, burujabetzaren bidea ahaztu barik. ELAko bigarren hizlaria ekonomista den Roser Espelt katalana izan zen, 4 urteetan euskara maila bikaina lortu izan duena gure hizkuntzaren zailtasunaren mitoa gaindituz. Espelten ustez, gure ekonomiak erronka ekologiko, sozial eta lurraldekoei aurre egin behar dizkie, baina lehiakortasuna galdu barik. Industrian oinarritzen zen ekonomia batetik, zerbitzuen garrantzia handitzen doan bidegurutze baten gaudelarik.

Saioaren 3. atalean Iñigo Urrutia izan genuen hizlari “Baskonia instituzionala” aztertuz, bai historikoki azken urteetan eduki duen garapena, bai gaur egun dituen aukerak aztertuz. Gaurko Euskal Herria, erakundeen aldetik, egitura komun baten gabe agertzen zaigu. Lurralde guztietan, euskaldunak erronka berdinei egiten diegu aurre, baina lurralde bakoitzak bera kaxa: osasungintza, etxebizitza, lurraldearen antolamendua, turismoa, euskara eta gure kultura…Gaur egun, euskaldunen gehiengo batek, agortutzat joten du modelo hau, Autonomia Estatutu bete gabeak barne.

Guzti hau, argi gelditu zen azken mahai inguruan, non Xabier Barandiaran (Goierriko gipuzkoarra), Isabel Elizalde (Doneztebeko goi-nafarra) eta Helena Larralde (behe-nafarra) aritu ziren Oskar Arantzabal moderatzaile izan zutelarik; azken hau, Eneko Bidegainen azken orduko bajaren ordez. Bakoitza bere euskalki arrunt ederretan, euren herri txikietan oraindik gertuko erakundeak eta auzolana beharrezkoa direla aitortu ziguten, baita mugaz alde bietan eginikoa, esate baterako: Bortziriak-Malerreka-Baztan eta Behe Nafarroako betiko lur eta baso komunala euskaldun guztien onurarako kudeatzeko orduan. EHU irakasle den Barandiaranek, behin eta berriro euskaldunok gure etorkizuna bermatzeko eta gure herri hau aurrera ateratzeko: botere politikoa, ekonomikoa eta soziala behar-beharrezkoa dugula adierazi zuen adi entzuten aritu ginen guztioi.

Jardunaldi sakon zein aberats hau, Oñatiko alkatearekin batera zabaldu zuen Anjeles Iztuetaren hitzek (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia), labur biltzen dute gure gizartearen Atlas hau osatu ondoren egin beharreko denon betebeharrak:

  • -    Taktika-Estrategia: bidea argi eduki, baina momentuan momentuko erabakiak hartuz.
  • -   Ekintza-Pentsamendua: egingo dugun oro, aurretiaz ondo pentsatutakoa behar du izan.
  • -      Errealismoa-Imajinazioa: errealitatean oinarri sendoak dituzten bide berriak asmatzen jakin behar du gure herriak.