BADATOR BIOLENTZIAREN AMAIERA!


BADATOR BIOLENTZIAREN AMAIERA!
Alots Gezuraga



Kaletik entzun dut bibotedun gizon bati, badatorrela, azkenekotz!! biolentziaren amaiera hemen dugula, laster datorrela herri honek itxaroten duen biolentziaren amaiera!! Pozaren pozez egunkariak erostera joan naiz detaile gehiago jakin nahian.

Espainol eta frantses ejertzitoak euren herrietara bueltatuko dira, epaileak euskaldunak izango dira, ikastoletan euskal kultura eta euskal gaiak soilik ikasiko dute gure haurrek, ez naiz berriro beldur izango euskaraz telefonoz hitz egiteko bulegoan Zuzendariak Madrilgoak direlako, gure hizkuntza normalizatuko da eta dagokion lekua edukiko du, munduan euskaldun giza bidaiatu ahal izango dut inori inongo azalpenik eman barik, ez dut nire burua justifikatu beharrik izango euskalduna izateagatik (nafar hiritarra azken batean), gure herriaren lurraldetasuna onartuko da, berriro administrazio beraren pean egongo gara euskaldun guztiok….Euskal gobernu bat berriro!!

Demokrazia edukiko dugu azkeneko partez! Euskaldunek erabakiko dugu gure arteko marko politikoa zein izango den, guk erabakiko dugu zelan antolatzen garen. Gure legeak guk egingo ditugu eta munduarekiko harremanak guk erabakiko ditugu norekin eta nola eduki (autodeterminazioa azken batean). Euskaldunen gehiengoak erabakiko du zer nahi duen, gure herrian onartu daiteken biolentzia bakarra, demokratikoa, alderdi politiko euskaldunena.

Ez dakidana biktimek zer egin behar dugun. Mendekua eskatuko dugu? mendetako inposizioa, eskubideen bortxaketak, hileta masiboak zein banakazkoak, gudak gure lurrean, nahi ez ditugun kanpoko gudetan parte hartu beharrak euskaldunok, torturak, egin nahi ez genituen lanak egitera behartu izanak jopu giza, borondatez eman nahi ez genien diruak mafioso inperialistek kendu izanak!.
Beldurren mendeak, okupazio militarraren mendeak, euskal odola belaunaldiz belaunaldi isurita...Ez dakit, agian barkatu beharko genieke larrutik ordaindu barik? Baina ahaztu sekulan ez, beti izango dira gure etsai, gure lurrak okupatzeko desiran, gure herria desagertu nahian dabiltzan betiko inperialistak, eurentzako lan egiteko bitartean, euren interesen esanetara, gure interesen kontra, gure kulturaren kontra, demokraziaren kontra, edozein eskubideen kontra...barkatu? ez dakit, baina sekulan ez ahaztu.

Pozik nago biolentzia amaituko delako ziurtatzen zuelako bibotedun tipoak eta egunkariak erostera abiatu naiz!

Hau etsipena! Egunkariak goiti bera irakurri ditut, baina ez dut ezer aurkitu bibotedun tipoak zihoanaz, betikoa bakarrik: emakumeen kontrako biolentzia, inperialismoa Iraken, inperialismoa frantses epaileen ebatzietan ikastolen kontra, Pnv-hbEta-PsoE-PP espainiar siglen leloa eta euren estatutu, hika mikak eta paktuak…betiko inperialismoa eta beharrezkoa duten kolaboratzaileak. Euskal politikarik inondik ere ez. Ez bakerik, ez demokraziarik, ez ejertzito inperialisten kanporatzea, ez askatasunik, ezer ez: gure Estatuaren kontrako betiko biolentzia armatua eta okupazio militarra. Noiz arte engainatuko gaituzte? Noiz arte utziko diegu gu engainatzen?