HAUSNARKETA, INDAR METAKETA ETA BIDE BERRIEN URRAKETA

HAUSNARKETA, INDAR METAKETA ETA BIDE BERRIEN URRAKETA
Alots Gezuraga



Asko pozten naiz gure euskal-herri-mundu txiki honetan politika gogoeta berriak entzuteaz, azkenekotz!, Pako Aristirenak bezalakoak esate baterako: “Etsai jauna, buenos días” (Berria 2012/01/15). Batzuetan, altuan edo egunkarietan gogoetak egiteak, jendea haserretzea dakar, baina, ez bagara kontziente gauzak gaizki egiten ari garela, oraindik okerrago gaude, edo/eta berdina dena: askatasunetik urrunago. Gauzak gaizki egiten ari garela?... Askatasuna orain dela 40 urte baino gertuago edo urrunago ote dago? Hori da nire neurria, hori baita nire adina eta nire nahi bakarra gure herriarentzat.

Norbaitek erantzun dio Pako Aristiri, bere kolkotik barre egin nahian gainera (Berria 2012/01/17 Josu Iribar “On Pako Aristi Jaunari”). Zure bekatua, antza Pako, organo jotzeari uztea “pulpitutik sermoiak botatzeko” da. Argi dago baita funtzionario euskalduna dela kritika horren egilea, euskararen alde dabilena bere eguneroko lanean. Eta hor duzu zure benetako bekatua: euskaldunak gure etsaiek egindako habiara moldatu garela salatzea (nork ukatu ahal du euskaldunak ez dugula erakunde-politiko hauen sorreran parte hartu?). Ez da ba horrela? hegalak ditugu (begira azken hauteskundeak edo azken manifestazioa), baina hegaz ezin dugula egin konbentzituak gaude edo konbentzitu gaituzte.

Begira Pako, Josu Iribarrek ironikoki zer diotsun: “Bekatari eta inozoak gu, Amaiurren apustuan sinetsi eta sinesten dugunak”. Esaldi honek zenbat zuku dauka, alajaina!!. “Sinetsi” ez da politikako terminoa, mezara joatekoa baizik; agian beste sermoi ilusionagarriak nahigo ditugu gehiago: “bozkatu guri eta guk konponduko dugu hau!!”…Baita zera ere!, Zenbat urte gehiago behar dituzue? Zein da zuen “plan” berria? Akaso, jeltzaileei egiten zaien kritikak ez du besteentzat ere balio?. “Apustua”, ah ze beste hitza! Herriko plazan ematen dira baina apustuak!, teman zabiltzala, eta ez politikan: honetan aurkarien indarra da neurria eta horretarako noren kontra gabiltzan argi eduki behar dugu, Pakok dion bezala.

“Amaiur” ama birjinaren parera eraman nahi dute zenbaitzuek, alderdi politikoak dira horientzat helburu eta ez bide. Fede itsu-itsua erlijiosoa da, politika: lorpenak dira. 40 urte gauza bera eta modu berdinean egiten, nola itxaron dezakegu emaitza ezberdinik?. Ongi etorriak Pako Aristiren hausnarketak: ez dago dogmarik, ez dago inorengan edo ezerengan “sinesmenik”, ez dago balore ukaezinik: hausnarketa, indar metaketa eta bide berrien urraketa behar ditugu.