INDEPENDENTZIA DA GURE ESKU DAGOEN GUTXIENGOA

INDEPENDENTZIA DA GURE ESKU DAGOEN GUTXIENGOA

Aitzol Altuna Enzunza




Harritzen nau hainbat abertzaleek gure egoera politikoaz hain analisi desegokia egiteak. Diodanaren azken lekukoa “Gure Esku Dago” plataforma da. Gure esku zer dagoen jakiteko, plataforma bertako kide batek horrela azaltzen digu BERRIA egunkarian : “Independentzia Euskal Herriaren egituratzeko proposamen bat da, baina badira beste proposamen batzuk (harreman federala, autonomia garatzea...). Guk uste dugu, aukera horiei guztiei bidea eman behar zaiela, tranpak egin gabe, horien guztien eztabaida demokratikoa ahalbideratuz”.

Hau da, Herri plataforma honen ustez, Hegoaldeko euskaldunak Espainia aldatzea lortu genezake eta Espainia federal bihurtzea, edo unilateralki Espainiako autonomien modeloa garatzea eta gainera hori nahi duten espainolei lagundu behar diegu, “tranpak egin gabe” (¿?). Espainia politikoki zelan antolatu behar den “erabakitzeko eskubidea” eskatzen dute beraz “Gure Esku Dago” plataformak, ez besterik. Indar politiko hori badugula pentsatuz: zergatik ez dute orduan zuzenean independentzia eskatzen? Askozaz errazago dirudi gure Herria askatzea Espainia demokratizatzea baino. Gainera, espainolen gehiengoak aldaketa hori nahi ote du? Nik ez dut uste. Alderantziz, apustu egingo nuke espainol gehiengoak zentralizazio gehiago nahi duela. Eta horrela ez izanik ere, Espainia federala bihurtuz esate baterako, ez dut ikusten nik zein den gure onura eta gaurko eguneko egoerarekiko ezberdintasuna euskaldunontzat.

Testu berdinean, pixka bat beherago, azaltzen da “erabakitzeko eskubide” horrek zer onura lekarkiguke Herri plataforma honen ustetan: “Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea euskal herritarron arteko elkargune bat dela uste dugu eta elkargunetik abiatuta hasi behar dugu bidea egiten”. Benetan “erabakitzeko eskubide” berri honek euskal herritarron elkargunea da? Baina, abertzaleengandik aparte, badago gure artean espainolik Espainiako modelo politikoa aldatu nahi duenik? Ez da ahots bakarra ere entzun. Beraz, “erabakitzeko eskubideak” ez du indar berri bat ere metatzen.

“Gure Esku dago” plataforma kidearen hitzak are gogorragoak egiten zaizkit belarrira testuko esaldi honetan, norbaitek Gipuzkoako Diputazioarengandik hartutako 100.000 eurorekin zer egingo duten galdetzen diotenean: “- Gu oso pozik gaude diru laguntza hori gure erakundeetatik jasotzeagatik eta oso eskertuak gaude gainera Gipuzkoako Batzar Nagusiko talde horiekin eta Batzar Nagusiekin oro har. Talde horiek gure ordezkari demokratikoak dira eta adostasunez erabaki dute ekimen demokratiko honi laguntzea, beraz ez dugu arazorik ikusten. Erakunde publikoek askotan laguntzen dituzte eskubideen inguruko gogoetak eta ekimenak (sinposium federalistak, europarzaleak, estatutuaren edo konstituzioaren aldekoak...). Zergatik ez, beraz, demokraziari horren lotuta dagoen erabakitzeko eskubidearen ingurukoa?”

Kontraesana latsa da: erabakitzeko eskubidea, eta azken batean demokrazia eske badago plataforma, demokrazia ez dagoelako da, beraz, inplizituki, “ordezkari demokratikoak” ezin dira egon, hala balira, plataformak ez luke zentzurik: nahi dena bozkatu eta kito. Ez naiz sartuko erakunde horiek “gureak” direla edo ez eztabaidatzen, errealitatea ukatzea bai da hori (berriro ere): konkistatutako Herriek ezin baitute “bere” erakundeak eduki, ezinezkoa da (klandestinoak ez badira behintzat), aurretik askatasunez erabaki behar dutelako independentzia galtze hori (espainol edo frantses izatea), eta plataforma honek argi daukana behintzat ez dugula horrela erabaki (bere existentziaren susterrean baitago). Baina esaldian onartezina dena, askatasuna eta “sinposium federalistak, europarzaleak, estatutuaren edo konstituzioaren aldekoak...” zaku berean sartzea da: federalista-espainol, estatutu-espainol eta konstituzionalista-espainol dira aipatzen dituen talde horiek, espainolen barneko tira-bira naturalak. Geurea ostera, geure Herriaren bizi-irautea da. Haiek euren burua zelan antolatu erabaki nahi dute (unilateralki eta gure gainetik), geurea “izan edo ez izan” da, autodeterminazioa edo gure Herriaren bizirautea, ezberdintasuna itzela da: kaiolaren koloreaz edo barne antolakuntzaz ari dira eurak, eta gu, kaiolatik zelan irten.

Ez dut ulertzen Espainiak inperialismoak Herri honi zer gehiago egin behar dion euskaldun guztiak Espainiatik alde egitea desiratzeko. Orain arte behintzat, horrela laburtu dezakegu: konkistatu eta askatasuna kendu (milaka nafar hilez), Nafarroa lurraldeka banatzea hobeto gu kontrolatzeko eta esplotatzeko, Herri borondatea zapuztea gure burua gobernatu nahi izan dugunean (Foruak edo eta estatutua, milaka euskaldun berriro hilez), gure hizkuntza nazionala debekatzea (gutxiestea lehenago), garbiketa etnikoa (industrializazioaren aitzakian), eguneroko kontrol polizial-militarra (Espainian dagoen militar kontzentrazio altuena dugu), kolonizazio mentala (Eliza, hedabide, alderdi politiko edo eta eskolen bitartez) eta Herri bat garela behin eta berriro ukatzea gure eskubideak zapaltzeko.

Argi ez dagoena agian zera da, independentzia ez dela azken helburua: independentzia gutxiengoa da askatasunean bizitzeko – lehena eta beharrezko maila-, gure burua guk antolatzeko (federalismoa, sozialismoa edo betiko auzolan modelo propioan), independentzia beharrezkoa da demokrazian bizitzeko, gure hizkuntza nazionala aurrera ateratzeko (lurralde osoan), gure ekonomia aurrera egiteko eta abar eta abar. Azken batean, independentzia da gure esku dagoen gutxiengoa gure Herriak etorkizun bat eduki dezan. Independentzia ez da “beste eskubide bat”, lehen eskubidea baizik, beste guztien aurretikoa, pertsona baten “bizitzeko eskubidearen” parekoa. Bizitza-existentzia ukatzen dizuten aurrean, zein eskubide eskatu behar dugu?. Gure esku dagoena, independentziaren aldeko benetako apustua da.

"Mendetako kolonizazioaren eraginez, gure erreferentzia gehienak kutsatuak daude; ezin dugu diagnostiko egoki bat planteatu. Herri okupatu bat garela barneratu behar dugu, ez garela egoera demokratiko batean bizi. Diagnostiko honek lagunduko digu gure eta etsaiaren indarrak zehazki determinatzen, ondoren independentziarako estrategia egoki baten diseinua egiteko: borroka nola, noiz eta irabazle garen eremuetan bakarrik planteatzeko ".

Mahatma Gandhidik esaten zuen: “Gorputza askatzeko, lehenengo, gogoa askatu behar da”