TXAKURREK KOSK EGITEN DUTE

TXAKURREK KOSK EGITEN DUTE

Alots Gezuraga

Gasteizen atzo gertatutakoa ez du ez buru ez hankarik. Ez Ertzainak bere lana egin zuelako euskaldun gaztek talde bat jipoituz espainol epaile baten epaia/iritzia betetzeko, baizik eta gero egindako deklarazioengatik.

Atzo, espainol legea “injustua” dela konturatu ziren batzuk (hori adierazi zuten behintzat). Harritzekoa da espainolen “injustizia” bat ekiditeko Gasteizen hainbat gazteek egindako “herri harresian” norbaitek pentsatzeak sententzia hori edo antzekoak bakarrik izan direla injustuak. Gure Herria Estatu bitan eta hainbat administraziotan banatzea, justua al da? Gure hizkuntza “alegala” izatea Euskal Herriko hainbat tokitan, justua al da? Beti armen bidez, gure Estatua konkistatu lehenengo, eta gero gure legeak edo Foruak inperialistek kendu zizkigutenetik, gure lurretan espainol eta frantsesek egiten duten oro injustizia bat da.

Galdera da, zerk edo nork ematen die estaldura, eta are gehiago baimena, espainolei euskal gazte talde bat horrela airean ibiltzeko edo jipoitzeko mundu guztiaren aurrean? Hauteskundeek eta bertan bozkatzen dutenek. Espainolen legeek gure lurretan bete ahal dira, bertoko jendeak horretarako estaldura ematen dietelako. Bai. Nahiz eta konkistaz geroztik soberanoak ez izan, orain mende pare bat arte ez zen horrela: gure politikariek, metropolietatik (Madril edo Parisetik) zetozen aginduei “pase forala” ematen zieten. Gaur egun sistema inperialistaren parte esentziala izatera pasa dira, gainera, alderdietan sakabanaturik gure ahultasuna sakonduz. Horrela, gure Herria, “Oñazetik Ganboara” pasatu da, soberania galtzetik autonomia era galtzera (fikziozko bat ez bada behintzat).

Gure artean askok, txakurren ugazabak izan nahi dute (polizia ezberdinak kontrolatzen dituzten gobernuak). Horretarako, espainolek ipinitako hautestontzietan euren eskaria egingo dute asteburu honetan. Baina txakurren ugazabak izan nahi dutenek, txakur hauek gure Herriari kosk egiteko daudela jakin behar dute, inperialistek asmatu zuten modelo politiko honetan: ez garelako legegile, lege hartzaile baizik. Frankismoaren aurpegi garbiketa totalitario bat besterik ez delako “demokrazia espainola”.

Noiz utziko diogu inperialistei gure lurretan agintzen laguntzeari? (Hauteskundeak/alderdi politikoak/sindikatuak/erabakitzeko eskubidea...inperialisten Estatuak pairatzen jarraitzea).

Noizko Herri-indar metaketa “injustizia” guztiekin amaitzeko? (Askatasuna/soberania/independentzia/autodeterminazioa…Estatu propioa berreskuratzea azken batean).