ABERTZALEAK LEHENENGOZ IRUÑEAN?
Alots Gezuraga
Konbentzitu nahi gaituzte abertzaleek lehenengoz gobernatuko dutela Nafarroa. Orduan, ez dut ulertzen abertzale izatea zer den.
Gure erreinuak 1000 urteko askatasun historia dauka eta 40 Estatu buru (600-1620). Haiek gure aberria sortu eta indartu zuten, bere instituzioak eman eta mantendu zituzten, dena gure Estatuaren azpian. Haiek abertzaleak ziren edo ez dut hitz hau ulertzen.
Gogoratu behar da ez dagoela nafar aske izandakorik, gure Estatu buruek idatzita utzi zuten bezala, gure lurraldearen zati bat berari ere uko egin zionik. Alderantziz, inperialismoak nafarroi jandako lurralde guztiak erreklamatu zituzten denek: Atapuercako gudatik Naiarako Antso Gartzearen ondorengoak (1054) Baxe Nafarroan gobernatu zuten Labriteko Joana III.a eta Henrike III.a arte (1620).
Haien ondoan, gaur “abertzaleak” deritzen diren horiek, edo ez dira abertzale edo beste zentzu bat dauka eurentzako hitz honek. Espainiak egindako Nafarroaren zatiketa lasai asko onartzen dute, inperialistek inposatutako administrazioan lasai bizi eta parte hartzen dute, Espainiatik eraikitako egoera kolonialistatik sortutako kanpoko indarrekin lasai paktatzen dute…
Sabino Aranak asmatu zuen “abertzale” hitz hau, auskoen arteko gizon-arri batetik hartuta (Auskotania edo Akitanian), “aberria” maite dutenei izen bat emateko, eta nork ez du nahi bere aberria aske?
Gaurko hauek abertzaleak badira, ni ez naiz. Gora Nafarroa askea! Aberri Askea, Herri Askearentzat!