NAFARROAN GAZTELANIAZ, ERRESPETUAGATIK?
Aitzol Altuna Enzunza
Iruñeako administrazio autonomikoan ultraeskuineko alderdi batetako kide batek 2016an erdi irribarrez eta larderiaz esana: “Errespetuagatik, gaztelania erabili beharko zenukete, parlamentari gehienek entzungailuak jarri beharrik izan ez ditzagun (…) hizkuntza komuna, gaztelania da”.
Berriki, 2025eko abenduan gauza bera: euskaldunekiko diskriminazioa da espainol ezkerrak onartzen duen bakarra:
"Se debería de atender a lo que realmente está ocurriendo y no a lo que nos (sic.) gustaría que ocurriese. No es normal que el nivel de euskera que se exige en determinadas zonas muy vascoparlantes se el mismo que en otras, por ejemplo en mi pueblo, Sestao, donde el euskera no está muy presente en el día a día y nos gustaría que estuviera" Ez dakigu zelan lortuko duten euskara eguneroko bizitzan egotea eta ez du azaldu nahi horretarako zer ari diren sustatzen...
Administrazio publikoan euskaraz artatuak izateko eskubideaz ari gara, besterik ez..
Kode postalaren araberako eskubideak dira hauek, beraz, gaztelera bakarrik dakien batek ez du Lekeition bere hizkuntzan artatzeko eskubiderik? Supremazismo linguistikoa besterik ez da hau, pertsona batzuentzako eskubide guztiak baina mendeetan gutxituak izan garenontzat, berriz, ez.
Mendeetan aplikatu ez dutena eta gaur Lekeitiorako balio ez duena, Iruñearako eskatzen dute orain, gizartea gazteleraz aritzen delako aitxakian. Zer du esaldi honek azpitik? 500 urteetako era guztietako biolentzia euskararen kontra, edo hobe, euskal hiztunak ziren iruindar eta nafar guztien aurka: biolentzia armatua (konkistan eta karlistadetan batez ere), poliziala (franquismoan batez ere), judiziala (euskararen kontrako hainbat lege eta epaiak gazteleraz), hezkuntzan (erdara hutsean mendeetan, eraztunaren erabilpena edo zonifikazioaren kasuak), erlijioaren bidez (elizkizunak eta katixima erdaraz), administratizioaren bidez (lanpoztuak bakarrik gaztelera dakitenentzat), soziala (euskeraren gutxiespena), hedabideetan eta abar. 1512. urtean euskara biztanleriaren %80aren hizkuntza bakarra izatetik, gaur egun %15aren bigarren hizkuntza izatera pasatu da Goi Nafarroan, Albako dukearen armadaren atzetik etorritakoekin.
![]() |
| Joseba Ariznabarreta Garabietaren konposaketa |
Totalitarismo modernoak munduaren begiradapean aurrera egin ahal izateko demokrazia itxura hartu du, Iruñeako parlamentari espainol honen gisara. Demokrazia baten elementuak hartu ditu: alderdi politikoak, parlamentuak, bozkatzeak, erregioentzako autonomia ekonomiko maila bat, prentsa askatasuna, elkartzeko askatasuna… baina armez inposatutako demokrazia da eta pentsatuta dago menderatutako Herriek edo eta Estatuek gure kasuan bezala, ezin dezaten askatasunez erabaki zer izan nahi duten, baita zein hizkuntzatan nahi duten bizi. Inperialismoa da gaur egun nafar orok jasaten dugun totalitarismoa, ezkerrekoa (sozialinperialismoa) edo eskumakoa (parafaxismoa).
Gaurko euskaldunok diglosia hutsean bizi gara. Gaurko Euskal Herrian ezinezkoa da euskaraz bizitzea. Telebista kanalak erdaraz pila bat, irratiak, egunkariak eta zergatik ez esan, kolonoak, edo gure Herrian integratzeko asmorik ez duen jendea - espainol parlamentari hau bezala- eta gainera euren hizkuntzan hitz egitera behartu nahi gaituztenak, besteei eskatzen dieten errespetua euren kultura eta hizkuntzarentzako eurek guri ez digutenak adierazten.
Euskaraz hitz egitea ez da bakaneko pertsonen eskubidea. Zein eskubide eduki dezaket euskaraz hitz egiteko espainol ejertzito eta poliziak euskaldun guztiei gure hizkuntza hitz egitea debekatzen badigute 40 urtez egin ziguten bezala? Uler erreza da, aske bizi ez den Herri bat ezin dela herritar askeez osotua izan. Eskubide kolektiboak indibidualen aurretikoak dira.
Gure hizkuntza galtzearen lehen arrazoia eta argiena euskarak Estatu baten babesa galdu zuela da konkistatua izan zelako. Estatu baten babesa duten hizkuntza guztiak indartu egiten dira, Estatu bateko hizkuntza ofiziala ez direnak ez daude inoiz sasoiko. Gaur ere, Estatua eta gure hitz egiteko nahiak bakarrik bermatu dezakete gure hizkuntzaren etorkizuna: elementu biak beharrezkoak direlarik.
Ez dago kontrako adibiderik, Irlandako gaelikoa salbu, 700 urteko inperialismoa jasan ondoren euren Estatua askatzea lortu zutenerako oso ahul zegoelako. Ea hori ez den gure kasua, Estatua berreskuratzerakoan "lingua navarrorum", euskara, hila edo erdi-hila egotea.




