TXIO EZKERTIARRA

TXIO EZKERTIARRA

Alots Gezuraga

Aurreko astean Arnaldo Otegiren twitterreko txio bat heldu zitzaidan, eta berehala konturatu nintzen aspaldi nik egin nuen gogoeta bat jende askok egin duela.

Gaztetan geure burua ezkertiartzat geneukanak, ideologia honetaz sakontzen genuenean ohartzen ginen jende aberatsa kapitalistak zirela -diru eta makinen jabeak-, eta beste guztiak haien menpeko ekonomikoak edo langileria -gure askazia eta lana jartzen genituenak-. Honek injustizia puntua duen legez, gazte grinak horren kontra hitz egitera eramaten zaitu, edota Che Gebararen niki bat janztera, bere txapel eta izar gorriarekin.

Soluzioa euskaldun batentzat argia da, Foruetako auzolana enpresa mundura eramatea: kooperatibak, non lana eta enpresaren jabetza uztartzen diren; horrela langileria bere lanaren jabe bihurtzen da, ez dago “alienaziorik”. Hortik kanpo badaude beste enpresa mota batzuk. Batetik enpresa txikiak: autonomoak edo Sozietate Mugatuak deituak. Zaila da autonomo batengan Marx-en liburuetako kapitalista edo burges potolo eta zigarro puru erretzailea ikustea. Denda txiki, taberna, frankizia edo tailer bateko jabeak “kapitalista” edo burges postmodernoak badira ere -saltzaile eta produkzio bideen jabe-, argi dago, beste alde, oso urruti daudela kapitalista aberatsen iruditik. Beste gauza bat da hauetako batzuk nagusi txarrak edo zorrotzegiak diren, horretarako ez zara kapitalista izan behar baina!

Bestetik, Sozietate Anonimoak daude, baina hauen jabeak milaka aurreztaile txiki izan daitezke, nahikoa da EPSV bat edukitzea burtsan parte hartzeko eta. Hala ere, badira enpresa hauetan euren goi karguak kapitalistatzat har gintzakeenak, batez ere multinazional eta bankuetan. Badira ere enpresa buru oso adierazgarriak, arropa denda pila bat dituen galiziarra edo eta merkatal zentro mordoen jabea den valentziar bat, esate baterako. Enpresa jabe hauek zalantzarik gabe har ditzakegula kapitalistatzat. Euskaldunen artean zenbat dira horrelakoak? Ez dakit zuek, nik ez nuke dozena erdi baten izena asmaturiko ere, zalantza askorekin gainera; baina egon, badaude.

Gaur egun gizartea klase sozialaren arabera sailkatzeak ez du balio handirik, %99,99 alde batean kokatuko ginatekeelako. Gainera gure burges puntua ukaezina da, aurreko belaunaldietako langileriaren lan baldintzak, edo egoera ekonomiko eta soziala kontuan harturik. Mendebaldeko Europa honetan, orokorrean, gizarte politika sozialek langileen beharren gutxiengoa soberan asetzen dute: errenta minimo alargun edo umezurtz gelditzean, osasun edo hezkuntza publiko unibertsala, eta abar. Gaur egun, ezkertiar ideologia “klase” ideologia bezala ikustea zaila da beraz. Nire ustez, ezkertiar ideologia berdintasun sozialen ideologia da, eta ekonomian zergak ondasunaren arabera ordaintzearena: gehien dutenak gehiago ordaintzea.

Gaur egun beste zerbait ere aldatu da erabat. Lehen ezkertiar klaseko buruak langile sindikalistak ziren eta orain, Espainian esate baterako, ezkerreko alderdien buruek ez dute kasu gehienetan lantegi bat zapaldu ere egin: Felipe González, Patxi López edo berriki Pablo Iglesias lekuko. Eta gure Herrian? Begira burutazio guzti hauetara eraman ninduan aurreko asteko txioak zer zioen:

Arnaldo Otegi: - Nire elkartasun osoa Arcelor Sestaoko langileekin. Euskal langileok estatu duin bat eraiki behar dugu!
Josu@Josu: - Langileok!! Hik nun egin dok ba lana?


Horra hor, gure artean ere, askotan, ezkertiar alderdien buruek ez dute enpresa baten lan egin; beraz, nekez, esan ahal dugu langileria direla.

Baina txio honetan, niri benetan larritzen nauenak, beste zerbait da: Arnaldok “euskal langileok estatu duin bat eraiki behar dugu” esaten duenean, niri, behintzat, ez zait argi gelditzen zein “estatuz” ari den. Tristea da, baina argi dago, gehienetan, “abertzale” buruek ere Espainiako aberria “konpontzea” dutela helburu eta ez gure aberria edo Estatu Nafar duina askatzea.

Nik, edadeak ematen duen esperientziaren poderioz, gauza bat ikasi eta barneratu dut: euskaldunen lehen arazo soziala arazo nazionala dela. Hau da, Euskal Herrian ezkerreko politikak aplikatu ahal izateko etsairik handienak Estatu inperialista espainol eta frantsesa direla. Euskal langileen lehen etsaia gure Herria zapaltzen dutenak dira, gure Herriak behar dituen politika sozial edo ekonomiko propioak martxan jartzen galarazten dizkigutelako.

Komentatzen nagoen gogoeta edota esaldi hau, alderantziz ere irakur daiteke, palindromo bat balitz bezala: arazo nazionala dela lehen arazo soziala; funtsean, independentista izatea dela ezkertiar izateko modurik onena, edo hobeto esanda: modu bakarra.