BIGARREN BOKALA ESPAINIAR HAUTESKUNDEETAN

BIGARREN BOKALA ESPAINIAR HAUTESKUNDEETAN

Alots Gezuraga

 



Koronabirus urtearen udaberri eta udan, Frantziak eta Espainiak hauteskundeak antolatu dituzte, udaletarako batak eta Erkide Autonomo bitan besteak, hain zuzen ere. Antolatzaileak, Frantzia eta Espainia Estatuko ordezkariak lurralde hauetan izan dira, noski. Estatuek antolatzen baitituzte hauteskundeak, eta ez, “Estatu gabeko” nazioek edo herriek.

Azken hauek, Estatu gabeko nazioek edo, gure kasuan bezala, azpiratua dugunok, hauteskundeak antolatzeko, lehenago, gure burua antolatu behar dugu, behin-behineko gobernu bat sortuz. Horretarako, inperialismoak emaniko “gizarte-buruak” erabili ahal ditugu edo ez. Hauen bitartez eginez gero, inperialismoak errazago du hauteskunde horiek bertan behera botatzea, buruzagi horiek berak ipinikoak direlako eta euren esanetara daudelako, Maquiavelok bere “Printzipea” lanean ongi azaltzen duen moduan.

Baina, herri edo nazio batek buruzagi berriak proposa ditzake, bere artekoen artean aukeratutakoak, demokratikoki edo ez, aurre-bozketa bat egitea ez baita batere erreza egoera horretan, Estatu inperialistek suntsitzeko aukera handiak dituztelako: epaile, polizia eta militarren bitartez. 

Horrela izanik, Nafarroako Estatuko askatasuna lortzeko, lehenago behin-behineko Asanblada eta Gobernu bat antolatu behar da, horretarako ez dago inperialisten administrazioen beharrik, alderantziz, beharrezkoa da horietatik kanpo egitea. Katalunian gertatutakoa oso adibide esanguratsua da.

Beraz, argi dago, inperialistek nafar lurraldeetan antolatutako hauteskundeak legez kanpokoak direla, inposaketa armatuan dutelako jatorria, gure Estatuaren okupazio militarrean. Nafarroan, gure Korteek lehen eta gure behin-behineko gobernuak orain, antolatu behar dituzte hauteskundeak demokratikoak izateko, inork besterik ez, Espainian eta Frantzian txinatarrek antolatzen ez dituzten moduan. Beraz, hauteskunde hauek, nafar Foru edo legeen kontrakoak dira eta Nazioarteko legeen kontrakoak era bai, noski.

 Nabarra eta Biarnoko Parlamendua, 
 Nabarra eta Biarnoko erregeen azken gaztelua edo bizitokia (Pau)

Euskal nazionalismoak, gure Estatuari edo gure buru jabetzari uko eginez, Madriletik eta Parisetik datorkien aginduetara makurtzen da eta inperialisteei hauteskunde hauek antolatzen laguntzen diete, administrazio inperialistaren kudeaketa eurek egitea onetsita.



Euskal nazionalismoak pentsatzen du (kasu onenean), hobe dela eurak Espainiako lurralde hau inperialisten izenean kudeatzea, inperialistek (hemen jaiotakoak edo ez), zuzenean egitea baino. Baina hori, “sorgin gurpila” bihurtu da, apurtzea oso zaila dena. Euren “kontzientzian” uzten dut, hori gure herriarentzat bide eta “estrategia” ona den edo ez erabakitzea (baietz erabaki dute, argi dago).

Baina, asteburu honetan, gure herriaren zapalkuntzan parte hartzea behartu naute, eta hori salatu behar dut. Hauteskunde hauetan bokal gisa aurkeztera behartu naute, diru-zigor edo isun inportante bat jasango nuke bestela (nire poltsikoaren neurrirentzat behintzat). Lege hau klasista hutsa da gainera, aberatsen aldekoa, eurentzat gutxi den diru baten truke, igandea euren etxean edo euren aisiaz gozatu ahal dutelako.

Koronabirusa edo antzeko zeozer simulatzea pentsatu nuen, baina ez nahiz inoiz gezurti ona izan eta seguru nago harrapatuko nindutela. Beraz, goizeko zortziretan hauteslekuan egon nintzen. Duela 25 bat urte ez dudala bozkatzen, orain dela 25 urte nafarra nintzela ohartu nintzenean; lehenengo, gure historia nire kabuz ikasita, eta gero, beste nafarrokin hitzordu luzeak izan ostean (ikastoletan ez da gure historiaz ia irakasten eta are gutxiago politikaz, eta bardin jarraitzen/jarraituko du, noski).

Espainolek argi dute, guk ez.

Gauza asko harritu naute esperientzia kolonial honetan. Lehengoa, oraindik euskaldun askok “euskal hauteskundeak” deitzea honi. Espainiar funtzionario eta politikariek antolatzen dituztenean. Gainera, Euskal Herriaren zati batetzat (martxoan Iparraldeko euskaldunek bozkatu zuten). Aurkeztu behar duzun NANa Espainiakoa da, hau da, Espainiar “hiritartasunarena”, nazioa ezin baita inposatu, norberak onartu behar duelako nazio baten parte izatea, definizioz, baina bai inposatzen ahalegindu  (informazio gehiago http://nafarzaleak.blogspot.com/2014/08/la-nacionalidad-y-quien-es-nabarro.html).

Harritu ninduan bigarren gauza zera izan zen, alderdi politikoetako ordezkari hain gutxi egoteak, ikuskatzaile edo “interbentoreez” ari naiz (zurekin mahaian daudenak zer eta zelan egin behar den azaltzen dizutenak), eta ez ahaldun edo “apoderatuez” (normalean mahai batetik bestera doazenak, ezer egin gabe edo botoen kopurua kontrolatzen soilik). Alderdi politikoek gizarte mailan 80ko hamarkadan zuten laguntza eta konplizitatea galdu dutela argi dago. Irabazi duen alderdiaren ikuskatzaileak bakarrik zeuden.

Komentatzeko hirugarren gauza, koronabirusaren garaian, hainbat jende beldurrez hurbiltzen zela mahaira NANa ematera da, bozkatze metodoa oso atzerakoia delako. Harrigarria da XXI. mendeko teknologiarik ez erabiltzea bozkatzerakoan (gailu elektronikoak), gero zenbaketa erraztuko lituzketeenak eta antolatzeko jende beharra gutxituko. Nire mahaiko ikuskatzaileari esan niona eta entzutea gustatu ez zitzaiona: “hau zuen enpresa da, eta ez da batere digitala, XX. mendean gelditu da, honek ez du horrela etorkizunik, konfinamenduan enpresa guztiek euren lan egiteko modua aldatu dute, zuena izan ezik, gazteek ez dute metodo atzerakoi hau erabiliko, egon ziur”.

 

Onerako agian (edo agian ez), harritu ninduan beste gauza bat, hauteskunde-mahaietan jendeak horrenbeste euskara hitz egiteak. Oso saila da horrenbeste euskaldun ikustea nire herrian, eta denoi bozketen antolakuntzan parte hartu beharra suertatzea kasualitate handia ematen du…edo erdaldun elebakarren adin maila asko igo da eta euren Estatuaren egin beharretik kanpo gelditu dira. Bozkatzen etortzen zen jendearen artean ere, kalean entzuten den baino euskara gehiago entzun zen…bozkatzea Ibilaldia edo Kilometroak balitz bezala, gure herriak auzolanean eginiko zeozer izango balitz bezala.

Baina harrigarriena, egunaren amaieran etorri zen, botoak zenbatzeko “kaos” antzeko hura da, dena eskuz egiten dute, hainbat “informe” bete behar duzu eta, mahaiko zuzendariak, Bake-Epaitegira dena eraman behar du, bera bakarrik. Ikustatzailea eta ahaldunak han ez balekoz, ezinezkoa izango zen mordoilo hura betetzea. Esan nien bezala: “zuek hemen ez bazeuden, ia ezinezkoa da hau dena ondo egitea. Hare gehiago, nik ez dut inongo interesik hau ondo egiteko, nigaitik, su emango nieke horko boto guztiei eta etxera lasai joan. Edo modeloa aldatzen duzue, edo kaosa gertu duzue”. Ez zidaten erantzun.

20.00ak eta gero, hauteslekuak itxi eta gero, mahaiko hirurok bozkatu ahal genuen, ez lehenago, hori ere ez nekien. Inoiz ahaztu ezingo ez dudana orduan gertatu zena izan zen: hirurotik inork ez genuen bozkatu nahi, ikustatzailea eta ahaldunek animatzen gintuzten: “hemen 12 ordu egin ondoren, inoiz ez duzue horrelako aukerarik izango, animo, bozkatu oraingoan!”, baina ezer ere ez.

Konbikzioz ez dugula bozkatzen ez zuten ulertzen, putzuan belarritaraino sartuak dauden horiek. Nahita ez dugu bozkatzen, ez da koronabirusarengatik, ez da alperrak garalako, ez da ez dakigulako nori bozkatu, ez. 

Ez dakit beste mahai kide biak, baina nire kasuan, ez badidazue berriro isun batekin mehatxatzen, ez dut zuen sasi-hauteskunde inperialista hauetan sekulan parte hartuko. Baina jakin behar duzue ere, noizbait, derrigortuta bozkatzera behartzen badidazue ere, ez duzue zuen azken helburua lortuko: zuen nazioaren zati izatea onartzea, ezta zuen Estatua nire balitz bezala sentitzea.


Askatasun Eguna berriro etorri arte, nire erdeinurik handiena egiten duzuenagatik, egitera behartzen didazuenagatik. Berriro libre garenean, gure historialariek epaitu zaitzatela, nik argi daukat esango dutena.